Pobreziak eta langabeziak eragindako egoera larriei aurre egin nahian, azken urteotan beraien burua esparru ideologiko aurrerakoian kokatzen duten hainbat filosofo politiko eta moralek proposamen ausarta bezain eztabaidagarria egin diote iritzi publikoari: oinarrizko diru-sarrera unibertsalarena. Mendebaldeko herrialdeetan izendapen ezberdinez ezagutua (allocation universelle frantsesez, renta básica de ciudadanía edo subsidio universal garantizado gaztelaniaz), ondorengo lerrootan beronen proposamen jakin bati helduko diogu, Van Parijs belgikarra edo Raventos kataluniarra bezalako autoreek landutakoa. Autore horien esanetan, komunitate politikoak bere eraginpeko hiritar guztiei, gizabanako gisa hartuak (eta ez, esaterako, unitate familiar gisa), baldintzarik gabeko oinarrizko diru-sarrera bermatu behar die haien baliabide ekonomikoei erreparatu gabe. Horrek esan nahi du hiritar guztien eskuragarri —beste hitzetan, unibertsala— beharko lukeela izan errenta horrek, berdin Bill Gates-i zein New Yorken Broadway eta 26. karriken artean gauero aterpe bila aritzen den arloteari zuzendua. Gutxie- neko beharrak asetzeko eta bizitza duina izateko, hots, askatasun errealaren jabe izaten hasteko, autoritate publikoek urrats bat gehiago egin beharko lukete, Ongizate Estatuari esker azkeneko hamarkadetan eraikitako segurtasun sarearen bermean, eta, are gehiago, haren sendotzean. Hala, osasuna eta heziketa bezalako eskubide sozialez gain, estatuak duintasunez bizitzea ahalbidetuko lukeen diru-kopuru bat (esaterako) hilero ordaindu beharko lieke bere hiritar guztiei. Oinarrizko diru-sarrera unibertsalaren defendatzaileen proposamenak aurrera aterako balira, orduan eskubide sozialen aurrera joate horretan erabateko «nagitasun eskubidea»-k bere lekua irabaziko luke. Ondorioz, lan merkatu ordainduarekin inolako harremanik izan nahi ez dutenei ere (ezta nahi!) gutxieneko beharrak asetzea ahalbidetzen zaie. Komenigarria litzateke gutxienez bi maila bereiztea justizia soziala erdiestea helburu duten hau bezalako proposamenetan. Batetik, alderdi etikoa; bestetik, bere balizko bideragarritasun politiko eta ekonomikoa, hau da, errealitatean egingarria denetz. Bietatik, beronen desiragarritasun etikoan datza oinarrizko diru-sarrera unibertsalaren proposamenaren arazorik lehen eta funtsezkoena, nire ustez, eta horretara mugatuko naiz halabeharrez hemendik aitzina. Zehazkiago, geure buruari egin beharreko galdera honako hau litzateke: lan merkatuan, etxeko lanetan (ume, agure edota beste senideen zaintzan) edo borondatezko lan esparruan (gizarte mugimenduen erakundeetan, gobernuz kanpoko erakundeetan eta abar) parte hartu nahi ez dutenek ere, eskubiderik al dute gainerako herrikideen, hots, kutxa komunaren kontura bizitzeko? Justua al da inolako ezintasun mota eta lan egin nahi ez duen gizabanako batek laguntza publikoa jasotzea? Adibide zehatz bezain gordin baten bidez azaltzearren: Forbes aldizkari iparamerikarraren azkeneko megaabera- tsen sailkapenean agertzen diren 425 dolar milamilioidunak—haietarik 274 EEBBetan soilik— haiek ere baldintzarik gabeko soldata unibertsala poltsikoratzeko eskubidea izan behar al dute, beraien kontu korrontea edo beste motatako ondasunak aintzat hartu gabe? Ez gara mintzatzen ari, argi gera dadila, zokoratuak izan eta diru-sarrera nahikorik ez dutenez. (Justizia sozialaren solidarioa den edozein proposamenetatik, komunitate- ak oinarrizko errenta ziurtatu behar die, esaterako, egoera hori aukeratu gabe langabezian dauden guztiei, eta hori eskubide osoko hiritar gisa bizi ahal iza- teko). Ez gara ari, ezta ere, loteria naturalaren okerreko aldean suertatu diren guztiez, ezinta- sun psikiko, fisiko zein intelektuala dutenez, alegia. Haien egoerak oso gutxitan izaten dira norberaren erantzukizunaren emaitzak. Mintzagai ditugunak dira, batetik, soberazko baliabide materialak dituztenak, eta, aldi berean, norberaren aukeraren ondorioz beti ere, lan egin nahi ez dutenak. Nekez defenda daiteke nolanahi ere zenbakitan hutsalak diren apur horiei (kasu bakar batekin ere hemen defendatutako argudioak ez luke bere indarra galduko, irizpide etikoek ez baitute zenbakiez ulertzen) guztion kontura oinarrizko errenta aitortzea. Baina izaera etikoko oztopoak ez dira esandakoarekin agortzen. Egun zirkulazioan dagoen oinarrizko errenta unibertsalaren edozein aldaeratan arreta jarriz gero, zalantza izpirik ez dago gerora banatuko den aberastasuna sortzeko batzuek lan egin behar dutela beste batzuek, nagitasuna bizi-irizpidetzat hartu dutenek, alegia, lan egin ez dezaten, eta, puntu honetara iritsita, talka egiten dugu irtenbide errazik ez duen beste arazo batekin. Izan ere, zeintzuk dira tarta soziala geroz eta handiagoa bilakatzeaz arduratuko direnak? Gizarte egituraren sektoreek egun eusten dioten pentsamoldeari erreparatzen badiogu, serio hartzea merezi duen erantzun espekulatibo bat mahaigaineratzen zaigu: «Salbuespenak salbuespen, lana gehien hobesten dutenak balore materialistei eusten diotenak» direnekoa. Edota, beste modu batez adierazita, amildegiaren ertzean egotera ohituta daude- lako, giza talde batzuek lanak berekin ekar lezakeen segurtasun ekonomikoa daukate kezka nagusitzat. Azkeneko hiru hamarkadetan Inglehart politologo iparamerikarraren zuzendaritzapean eginiko estatistikak sinetsiz gero, giza talde horiek, neurri esanguratsu batean behintzat, gizarte egituraren beheko postuetan daudenak dira, etorkinak barne (gure Mendebaldeko herrialdeetan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari direnak: biztanleria osoaren %18 Suitzan, %10 Ale- manian). Orduan, paradoxikoki, gutxieneko diru-sarrera unibertsalaren ezarpenak orain dela hogeita bost mende Atenasen greziarrek jadanik ezagutu zuten egoera ekar lezake berarekin: hiritarrek betebetean filosofiari ekin ahal izateko, beste batzuek (besteak beste, eskubide murriztuak edota batere ez duten atzerritarrek gehi balore materialistaz jantzita leudekeen gure behe- klaseko esklabo berriak) bizkarra makurtu beharko lukete etengabean, filosofoen edota hiritarren beharrak asetuko lituzkeen aberastasuna sorrarazteko. Laburbilduz, orduan, gutxieneko diru-sarrera unibertsalaren proposamenaren ahultasun hauek guztiak aintzat harturik, aurrera jo nahi eta atzera egingo ote dugun inpresioarekin gelditzen gara. Estualdi materialen erauzte nahi laudagarria estualdiak hoberen eta hurbilen ezagutzen dituztenen lepora desagerra- razi nahi baitute gutxieneko errentaren defendatzaileek.

Ekungaria