DANIEL RAVENTOS OINARRIZKO ERRENTAREN SAREKO KIDEA
«Oinarrizko errenta unibertsal batek jende asko askeago bihurtuko luke»
Ivan Santamaria / GASTÉIS
Oinarrizko Errentaren balio unibertsala defendatzen duen erakundeko partaide da Raventos. Baldintzatutako laguntzek ez dutela balio uste du.
•Nola definitzen duzue oinarrizko errenta?
Estatuak gizarteko kide bati ordaindutako diru sarrera da; haren errentak kontuan hartu gabe, berdin pobrea edo aberatsa izan, lan egin nahi duen edo ez, eta norekin bizi den aintzat hartu gabe.
•Izaera unibertsal horrek aurkakotasunak piztu ditu.
Jende askok dio, zergatik ordaindu aberatsari? Ziurrenik gehiago ordaindu beharko luke oinarrizko errenta finantzatzeko. Hiritartasunari esker gaur egun bozkatzen dute pobreek, aberatsek, emakumeek, 18 urtetik gorako gazteek eta abar. Abantaila teknikoak ditu, gainera, baldintzapeko babes programak kontrolatzeko diru asko gastatu behar delako.
•Baldintzaturiko laguntza programen aurka zaudete?
Bai, estigma batzuk sortzen dira, eta estigmatizaturik dagoen pertsonak oso erraz saltzen du bere burua. Desoreka honen atzean askatasun falta bat dago. Oinarrizko errenta ez da, soilik, txirotasunaren aurkako neurri bat. Aldi berean, gizarteko talde asko orain baino nabarmen askeagoak bihurtuko lituzke. Adibidez, zabor kontratu bat duten gazteek ez lukete horren aise sinatuko, edo emakume asko etxetik aterako zatekeen tratu txarretatik ihes egiteko.
•Diru hori izanik jendeak lan egiteari utziko diola diote politikariek.
Normala da, baina pixka bat pentsatuta ez du ez hanka ez bururik. Gaur egun jende askok aparteko orduak egiten ditu. Ez hil ala biziko kontua delako, baizik eta kontsumitzeko ahalmen gehiago nahi duelako. Edo aurrez erretiraturiko ugari lanera itzultzen dira. Gainera, lan merkatuan ez egoteak ez du esan nahi lanik ez dagoenik. Borondatezko lanak edo etxeko lanak jende askok egiten ditu.
•Zein litzateke errentarako kopuru egokia?
Txirotasunaren muga hartzen dugu ontzat. Espainiako Estatuan, batez beste, 330 euro litzateke hilero.
•Eta nola finantzatuko litzateke?
Ez genituzke gauza asko ukitu behar, baina PFEZaren aldaketa zabal bati loturik egin beharko litzateke. Hots, jende guztiak ordaindu beharko luke oinarrizko errentatik kanpo jasotzen duen diruagatik. Ziurrenik zerga gehiago ordaindu beharko dira, baita soldata baxuenak dituzten langileek ere, baina, hala ere, irabaziko lukete.
•Zer iruditzen zaizu Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen oinarrizko errenta?
Behin baldintzaturiko diru laguntzen filosofia hartuta, zorionduko nuke, Espainiako Estatuan dagoen eskuzabalena delako. Noski, baldintzak dira arazo nagusia: pobrea izan behar duzu, lanera sartzeko programan sartu eta abar. Neuk definitzen dudan oinarrizko errentaren eredutik urrun dago edonola ere.








