Thomas Painek hurrengo behaketarekin ematen dio hasiera bere Agrarian Justice panfletoari: “bizitza zibilizatuaren onurak babestea eta, aldi berean, sortu dituen kalteak konpontzea, horiek izan beharko lirateke legeria moderno baten helburu nagusiak”. Hausnarketa hau Common Sense and Other Writings liburuan aurki daiteke, 1797an plazaratuta. Klasikoak ez dira klasiko zahartzen ez dutelako, ondo zahartzen dutelako baizik. Bere diskurtsoa gaur egungo arazoak konpontzeko baliagarri izan daitekela pentsatzen dugulako.

Paineren iritzian, zibilizazio prozesuak ekarri duen kalterik latzena jabetza pribatuaren sistema da. Edo beste era batera esanda, oinordetza komunez jasotako lurraren desjabetza. Abiapuntu honetatik, pobreen egoera hobetzeko argumentua honela jarraitzen du: lantze lanen hobekuntzen balioa soilik da jabetza pribatuzkoa, eta ez lurra bera. Beraz, jabe pribatu bakoitzak errenta bat zor dio komunitateari lurrarengatik. Diru-sartze hauekin Fondo Nazional bat eraiki beharko litzateke. Azkenik, Fondo horren bitartez, hiritar bakoitzak, txiro edo aberats, diru sarrera bat jasoko luke lurren desjabetzapenak eragindako kalte-ordainak konpentsatzeko.

200 urte baino gehiago pasa eta gero, Paineren proiektuak gaur egun diseinatua dirudi. Eta ez bakarrik behartsuen egoera hobetzea premia larriko kontua izaten jarraitzen duelako -2008ko FOESSA txostenaren arabera, Espainian 8 milioi lagun inguru bizi dira pobrezia-atalasearen azpian (Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren %30)-, Paineren Fondo Nazionala inspiratzen duen diskurtso filosofikoa eta gure Oinarrizko Errentaren azpian aurkitzen dena bat eta berdina delako baizik.

200 urte baino gehiago pasa eta gero, 2000ko abenduaren 27an Eusko Legebiltzarrak aintzat hartzen zuen Gizarte Eskubideen Agiria onesteko herri-ekimenezko lege-proposamena, herritarrek aurkeztua eta, batez ere, lan-banaketari eta oinarrizko errentari buruzkoa zena, 10/2000 Legea onartuz. Herri-ekimenezko lege-proposamen honetatik 18/2008, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko, Legera doan bidean, ordea, Oinarrizko Errentaren oinarrian aurkitzen den Thomas Paineren txiroen aldeko argumentuaren muina galdu da.

Ikuspegi errepublikar batetik, eskubide sozialak ezin dira karitate publiko zein pribatuarekin nahastu. Karitate publiko eta pribatua eskertzekoa den arren, hiritartasunaren kontzeptu errepublikar batekin bateraezina da, jasotzen duenaren duintasuna laidotzen baitu. Laguntza behar izanez gero pobre naizelako, edota gaixorik aurkitzen bainaiz, nahiago dut laguntza hori hiritar bezala dudan eskubidearen aitorpenarengandik etortzea lagun batek Jesukristori dion amorearengandik baino. Gaixorik egotea edo zaharra izatea ez dira inoren erru, eta Estatu errepublikar bat, nahiz eta askok ez dakiten, ez da sozietate anonimo bat, pertsonen duintasuna errespetatzea helburu duen proiektu soziala baizik. Hortaz, Estatu errepublikar baten lana da hiritarren laguntza sozialaz arduratzea, eta ez zeregin hori instituzio pribatuen esku utzi.

Hala ere, Gizarte Bazterketaren Aurkako 1998ko Legean sartutako San Pablo Apostoluaren printzipioa –“lana egiten ez duenak ez luke jan behar” diona – Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko onartu berri den legeak guztiz berretsitzen du. Langabezia tasa altu eta lan baldintzen prekarizazio prozesuarengatik bereizten den garai honetan, 2008ko legeak lana gizarteratzeko tresna nagusiena dela kontsideratzen jarraitzen du. Baina erabaki hau ez da lehen begiratuan dirudi bezain ulergaitza. Izan ere, ikuspegi errepublikar batetik behartsuei laguntza pertsona guztien duintasunaren onarpenean oinarrituta eman eta eskubide sozialen izenean jasotzen den bitartean, eskema neoliberal batean laguntza hori karitatez eman eta Pabloren izenean jasotzen da.

Gara, 24-10-2009